Modu tragikoan hil baino egun batzuk lehenago lagun bati idatzitako gutun batean bildu zituen Evariste Galois frantziar matematikari gazteak erradikalen bidez aska daitezkeen ekuazio polinomikoen inguruko bere lanaren emaitzak. Algebran bereziki, iraultza garrantzitsua suposatu zuten Galoisen lanek; emaitzengatik baino gehiago, erabili zituen kontzeptu eta metodo originalengatik. Ohikoa ez den Galoisen Teoriarako sarrera bat ematen du Jörg Bewersdorffek, oinarrizko matematika ezagutzak dituen irakurleari zuzendutako liburuxka honetan. Galoisen ideia nagusiak aztertzeko asmoz, horien jatorrian dauden ekuazio polinomikoen ebazpen zehatzak bilatuz, historian zehar egindako ahalegina aztertzera zuzenduak daude liburuko kapitulu gehienak, hamarretik zortzi, Galoisen abiapuntua zein izan zen ongi ulertze aldera. Ahalegin horretan kapitulu bana eskaintzen die ekuazio kubikoen ebazpenari, zenbaki konplexuen agerpenari, ekuazio bikoadratikoen ebazpenari, ekuazio polinomikoen ezaugarri orokorrak aztertzeari, Lagrangek ekuazio kubiko eta bikoadratikoen soluzioak orokortu nahian lortutako emaitzei, polinomioen irreduzibilitateari, ekuazio ziklotomikoen ebazpenari lotutako poligono erregularren eraikuntza problemei eta bosgarren mailako ekuazio polinomikoen soluzioen inguruko ahalegin eta emaitza partikularrei. Bederatzigarren gaian, polinomioetatik simetria taldeen kontzeptu berritzailera jauzi eginez, Galoisek ekuazio polinomiko bat erradikalen bidez ebazgarria noiz den jakitearen problema nola ebatzi zuen azaltzen da. Azken gaian Galoisen Teoriaren ikuspegi moderno baterako sarrera bat ematen da, algebra abstraktuaren ikuspuntutik, aurreko gaian emandako ikuspegia osatuz. Epilogo batek eta gaien indize batek osatzen dute liburua. Gai bakoitzak badu amaieran ariketa sortatxo bat eta gaian sakontzeko erreferentzia bibliografikoen zerrenda bat. Liburua ideien, metodoen eta adibideen azalpenera zuzendua dago gehiago, frogapen zehatzetara baino, aditua ez den irakurlearen mesedetan. Hala ere, hainbat emaitza garrantzitsu frogatzen dira zehaztasunez, dagokion gaiaren eranskin gisa.
Enetz Ezenarro